es | eus | fr | uk

UNTZIOLEI EMANDAKO LAGUNTZAK LEGEZKOAK DIRA

 

Europako Justiziak euskal ontziolen tax lease finantzaketa sistema zaharra legezkotzat jo ondoren, Jaurlaritzak "sektorearen ondoan" jarraituko duela esan du sektorea bera kalte-ordainak eskatzeko ekinean sartzen bada.

Arantza Tapia Grampian Freedom itsasontziaren aurkezpenean, Balenciaga ontziolan./

Arantza Tapia Grampian Freedom itsasontziaren aurkezpenean, Balenciaga ontziolan./ BALENZIAGA

2015-12-18 / Xabier Martin

Euskal ontziolekin egindako "injustizia handia dela-eta epai honek ez du merezi besterik gabe ahaztea". Arantza Tapia Eusko Jaurlaritzako Garapen Ekonomikoko sailburuak Europako Justiziak hartu berri duen tax leasefinantzaketaren inguruko erabakia xehetasunez aztertu du gaur. "Albiste bikaina da, 2013ko uztaileko erabakia bidegabea, neurriz kanpokoa eta erabat baztertzailea zelako".

Tapiak ez du nahi auzia besterik gabe ixtea, euskal ontziolei egindako kaltea, "ospeari dagokionez, adibidez", handia delako. Erakundeak eta sektorea batera aritu direla nabarmendu du, eta ez duela etsi "herrialde batzuen alde aritu diren lobby eta mehatxuen aurrean". Tax lease sistemaren laguntzak Europako Batzordeak itzultzeko hartutako erabakitik aurrera hamabi ontzi itsasoratu direla gogoratu du, eta beste batzuk itsasoratzeko bidean daudela. Sektoreak "erantzuten jakin izan du, ahalegin izugarria dela medio".

Helegitea airean dago

Eusko Jaurlaritzak, ordea, ez du oraingoz helegiterik jarriko Luxenburgoko auzitegian, euskal ontziolei egindako kaltearen konpentsazioak eskatzeko. Sektoreak erabaki hori hartzen badu —badirudi hartzeko asmotan dagoela—, Lakuaren babesa izango duela iragarri du, eta "orain arte bezala lantaldean" aztertu behar dela erabaki hori. Joaquin Almunia Batzordeko Lehia komisarioa zenak hartu zuen erabakiak min handia egin zion sektoreari, "ospe mailan, batetik, eta ontziak kontratatzeko ziurgabetasun juridikoa utzi zuelako, bestetik; eta geroari begira kezka izugarria sortu zuelako ere bai".

Bilbotarraren jarduna ere ez du ahaztu Tapiak, nahiz eta "aurerra begiratzea nahiago" duela esan. "Gutako bakoitzak badakigu non egon garen auzi honetan, eta Almuniak ere bere ardurak ditu, noski".

Horiek horrela, euskal ontziolen sektorea gaur egun lehiakorragoa dela adierazi du, enpresak euren artean lehiatu ordez, "aliatu gisa" aritzen jakin dutelako. "Horrela jarraitu behar dugu aurrerantzean ere, lehaikortasunaren irizpidearekin eta segurtasun juridikoarekin, dagoeneko kapitulo ilun bat itxi delako".

2015-12-23