Europar Kontseiluko presidenteak «migratzaile ekonomikoei» eskatu die Europara ez jotzeko: «Ez arriskatu zuen bizia eta dirua». Mazedoniak soilik 500 lagun ingururi utzi die muga gurutzatzen
Ilara luzeak izan ziren atzo ere Idomeni gunean, Mazedoniaren eta Greziaren arteko mugaldean. GEORGI LICOVSKI / EFE
Europak bizkar eman dio Greziari, iheslariei ateak itxi eta krisia Atenasen eskuetan utzita. «Greziak ezin du migrazioaren zama bere gainean bakarrik hartu». Alexis Tsipras Greziako lehen ministroak iragarri du zigorrak eskatuko dituela EB Europako Batasuneko elkartasun printzipioa urratzen duten kideen aurka. Alegia, iheslariak jasotzeari uko egin diotenak zigortzeko proposatuko du astelehenean 28ak egitekoak diren bilkuran. «Probokazio bat da. Lisboako itunak aurreikusten du zamen partekatze solidarioa. Guk gure konpromisoa bete dugu. Ezein herrialdeek ez luke arimen biltegi bat bihurtu beharko». Halere, lehen ministroak ohartarazi du «kulturan txertatuko printzipioei» men egingo dietela. «Ez diogu inori itsasoan atzera eginaraziko; ez dugu umeen bizia arriskuan jarriko».
Donald Tusk Europar Kontseiluko presidentearekin izandako bilkuraren ostean egin ditu hitzok Greziako agintariak. Tuskek Grezia babestu du, eta estatu kideak erabakiak «aldebakartasunez hartzea» kritikatu du. Baina migratzaile ekonomikoentzakoa izan da haren mezu nagusia: «Ez etorri Europara». EBko agintaririk nabarmenetakoa da Tusk. Haren arabera, Europan tokirik ez dute migratzaile mota horiek: «Balizko legez kanpoko migratzaile ekonomikoak, ez sinetsi giza trafikatzaileak. Ez arriskatu zuen bizia eta dirua. Ez du ezertarako balio izango». Tuskek ohartarazi duenez, «Grezia igarobide bat izateari utziko dio». 30.000 migratzaile baino gehiago daude Grezian harrapatuta.
Europaren bereizketa
Nola hala asilo eskatzaileen kopurua murriztu nahi du Bruselak, eta horregatik tematu da errefuxiatuen eta migratzaile ekonomikoen artean bereizketa egiten, migratzaile ekonomikoak kanporatzeko. Esate baterako, Europako hainbat agintarik afganiarrak migratzaile ekonomikotzat dituzte.
Asteleheneko EBren eta Turkiaren arteko bilkura prestatzeko hiru eguneko bira egin du Tuskek Balkanetan. Hurrengo hitzordua Ahmet Davutoglu Turkiako lehen ministroarekin du. Bruselak eta Ankarak ituna egina dute, Turkiak tapoi lanak egin ditzan errefuxiatuen Europarako bidea eragozteko. Trukean, Europak 3.500 miloi euro ordaintzera konprometitu da, Turkian dauden errefuxiatu kanpalekuetan baldintzak hobetzeko. Siriako gerratik ihes egin duten 2,5 milioi lagun daude Turkian. Europako Batzordearen datuen arabera, 2.000 lagun iristen dira egunero itsasoz Greziara Turkiatik. Turkiaren kolaborazioa nahi du Bruselak, kopuru hori murrizteko.
Balkanetako bidea blokeatuta, dagoeneko 10.000 dira Idomeni gunean, Greziaren eta Turkiaren arteko mugaldean, harrapatutako iheslariak. Mazedoniako mugazainek soilik 500 iheslariri utzi zieten atzo muga gurutzatzen. Balkanetako herrialdeek kontrolak ezarri dituzte mugetan, eta soilik irakiarrei eta siriarrei baimentzen diete igarobidea.
Asko izan dira Europan alde bakarreko erabakiak hartu eta Schengen eremua bertan behera utzi duten herrialdeak. Danimarkak, esaterako, atzo iragarri zion Europako Batzordeari beste hilabetez luzatuko dituela kontrol horiek. Asilatuen aurka neurri murriztaileak hartuak diru Kopenhagek: dirua eta ondasunak konfiskatzen dizkiete.